ANDRAGORA, Tolosaldeko Emakumeen Etxeak eta Tolosako Udalak elkarlanean indarkeria matxista pairatu duten edo pairatzen ari diren emakumeei bideratutako auto-laguntza taldea jarri dute martxan.
Ahalduntze eta erreparazio ariketa bat sustatu nahi da talde dinamikaren bitartez, espazio seguru batean gertatutakoa edo gertatzen ari dena ulertzeko gakoak emateko, norbere burua eta erabakiak ulertzeko eta maitasuna zer den, eta zer ez den bereizteko.
Saioetan zama arintzeko eta erru, lotsa eta beldurrak desegiteko ariketak egingo dira, emozioak kanalizatuz, bizipenak partekatuz, tratu onen eredua sortuz, edo taldearen sosteguarekin konfiantza emanez. Horien bitartez, autoestimua berreskuratzea izango da helburuetako bat. Lanketa tematikoak ere egingo dira, rol, genero-agindu edo maitasunari buruzkoak, besteak beste.
Parte hatezko edo informazio gehiagorako, Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxearekin harremanetan jarri ahal izango da. 943 00 89 67 telefonora deituta, andragora@andragora.eus helbidera idatzita edo etxera bertaratuta.