Eguzkitza Sagardotegia TAKE lidertza jokoan dela iritsi da azken jardunaldira

Erredakzioa 2024ko mai. 2a, 08:09

Tolosarrek, ligako azkeneko jardunaldian, aurkari zuzena den Internacional taldea hartuko dute Usabalen. Lehia erabakiorra larunbatean 16:00etan hasita jokatuko da.  

TAKE denboraldi bikaina ari da egiten, Lurralde Mailako sailkapenari begiratuta, jokatutako 21 partidatatik 20 irabazi ditu. Askok pentsa dezake datu horrekin tolosarrak sailkapeneko lidertzan direla, bada ez, bigarren postuan daude. Donostiako Internacional taldeak ere 21etik 20 lehia irabazi ditu. Donostiarren eta tolosarren arteko partida Internacionalek irabazi zuenez, lidertzan haiek daude. Larunbatean jokatuko den azken jardunaldian Eguzkitza Sagardotegia TAKEk eta Internacionalek neurtuko dituzte indarrak, irabazten duenak lidertzan amaituko du fase erregularra.

Lehia erabakior hori larunbatean arratsaldeko 16:00etatik aurrera jokatuko da Usabalen. TAKEk dagoeneko ziurtatuta du igoera fasea etxean hasteko aukera. Bigarren Nazional Mailara igotzeko bi lehia irabazi beharko ditu Tolosako taldeak, finalaurreko partida maiatzaren 11n Tolosan jokatuko da eta hori irabaziz gero, igoera erabakiko den finala astebeteren buruan Beasainen. Urte askotan egindako lan onak uzta oparoa eman dezake aurten.

EGIN ZAITEZ KOMUNITATEKO KIDE!

Bidali zure izen-abizenak, e-maila, telefono zenbakia eta zure edo zure erakundearen argazki edo logotipo bat hurrengo helbideetara:

WHATSAPP: 695 781 072

E-MAIL: edukia@28kanala.eus


Parte hartu komunitatean