Herritarrek Tolosako Irisgarritasun Planari ekarpenak egiteko aukera dute

Maialen Bastarrika Luengo 2024ko api. 2a, 10:47

Apirilaren 14ra arte ahalko dira bidali proposamenak, gobernantza@tolosa.eus helbidera idatziz edo UDATEn horretara bideratutako postontzian.

Dagoeneko ikusgai dago Tolosako Irisgarritasun Planaren diagnostikoa Udalaren webgunean. Plan honen berrikuspenak, herritarrek eta herriak dituzten beharrak mahaigaineratzen ditu, bai etorkizunekoak eta baita gaur egungoak ere.

Bi saio egin dituzte Irisgarritasun Planaren diagnostikoa berregituratzeko. Azkeneko horretan, Ingartek Aholkularitza eta Mugikortasun eta Garraio Ingeniaritzak eta Adibil, energia eraginkortasunari lotutako enpresak osatutako diagnostikoaren azalpenak eskaini ziren, eta ondoren, bertaratutako herritar eta eragileen iritzi eta ekarpenak jaso ziren.

Egungo zein etorkizuneko irisgarritasun beharrei erantzutea helburu

20 urte ditu orain arte indarrean egon den Irisgarritasun Planak. Egungo eta etorkizuneko errealitate eta beharretara egokitzea xedea izanik, herriko kale eta eraikin publikoen irisgarritasun-maila berrebaluatu dute. Horretarako, herritarren eta eragileen parte-hartzea ezinbestekotzat jo dute.

Irisgarritasun Planaren berrikuspen eta eguneraketa lau esparrutan oinarrituta dago: erabilera publikoko eremuak, garraioa, komunikazioa eta eraikin publikoak. Prozesuaren inguruko informazio guztia eta aurrez aipaturiko diagnosia https://partaidetza.tolosa.eus/eu/ webgunean ikus daiteke.

EGIN ZAITEZ KOMUNITATEKO KIDE!

Bidali zure izen-abizenak, e-maila, telefono zenbakia eta zure edo zure erakundearen argazki edo logotipo bat hurrengo helbideetara:

WHATSAPP: 695 781 072

E-MAIL: edukia@28kanala.eus


Parte hartu komunitatean